Bilbo Sketch berritasun garrantzitsuekin bueltan da aurten ere!
Parte hartzeagatik bakarrik, hamaiketako batetara gonbidatzen zaitugu La Ribera jatetxean. Bertan, elkar ezagutzeko aukera izango dugu eta talde argazkia aterako dugu. Eta Bilbo marraz dezazun, MOLESKINE koaderno bat, SAKURA errotulatzaile bat eta MILAN ikatz-ziri bat oparituko dizkizugu.
Zatoz Bilbo Sketch-era!
IZENA EMATEA:
Izen ematea www.elkarpaper.eus/bilbosketch3 atarian edo Bilboko edozein elkar liburu-dendetan egin ahalko da. Plazak mugatuak dira, beraz arin ibili!
BILBO SKETCH MARATOIA:
Maiatzaren 23an, larunbatean, goizeko 10:00ak eta 11:30ak bitartean Bilboko Licenciado Poza kaleko elkar liburu-dendara joan behar duzu. Bertan maratoian parte hartzeko materiala banatuko da:
· Moleskine koaderno konpultsatu bat.
· Talens etxeko Sakura errotulatzaile bat.
· Milan ikatz-ziri bat.
· LA RIBERA-n jasotzeko Sketch Take Away hamaiketarako txartela.
· Bilbo hiriko mapa bat.
Arratsaldeko 19:00ak arte izango dute lehiakideek marrazteko epea. Ordu hori baino lehen utzi beharko dute koadernoa Licenciado Poza kaleko elkar liburu-dendan.
Adi! 12:30ak eta 13:00ak artean, LA RIBERA jatetxean egingo dugu zita taldeko argazki bat atera eta elkar ezagutzeko! Bertan, dohainik, Sketch Take Away hamaiketakoa oparituko dizugu, marrazten jarraitzen dugun bitartean sabela apur bat goxatzeko. Ez huts egin!
MAPA ETA EGUNEKO LANA:
Emango dugun hiriaren mapan, adierazitako bost zonaldeak marraztu beharko dira nahitaez:
· Bilboko metroa
· Erriberako merkatua edo La Ribera jatetxea
· Unamuno plaza
· Santiago katedrala
· Areatzako zubia
Lehiakide bakoitzak bost leku hauetako bakoitzean marrazki bana egin beharko du gutxienez, baina hauez gain, Bilbo hirian zehar egindako nahi adina marrazki aurkeztu ditzake libreta berean: barrukaldeak, kanpokaldeak, subjektuak, objektuak, eszenak, etab.
ZEIN TEKNIKA ERABILI BEHAR DA?
elkar-ek lehiakide bakoitzari Moleskine libreta, Milan ikatz-ziri eta Talens Sakura errotulatzaile bana emango dio. Derrigorrezkoa izango da marrazkiak Moleskine libretan egitea, baina marrazketa teknika guztiz librea da, eta nahi diren margo eta materialak erabil daitezke, eta Milan ikatz-ziria eta Sakura errotulatzailea erabiltzea aukerakoa izango da.
KATEGORIAK ETA SARIAK:
1. Kategoria: 16 urtetik gorako helduak (1999an edo lehenago jaiotakoak).
2. Kategoria: 10-15 urte bitarteko gaztetxoak (2000 eta 2005 urte bitartean jaiotakoak, biak barne).
3. Kategoria: 10 urtetik beherako haurrak (2006an edo hortik aurrera jaiotakoak)
Ondorengo sariak emango dira:
1. Kategorian: “Koaderno onena” eta “Marrazki onena”ri sariak.
2. Kategorian: “Gaztetxoen lan onena”ri saria.
3. Kategorian: “Haurren lan onena”ri saria.
Epaimahaia elkar-eko ilustratzaile eta diseinu taldeak osatuko du.
LANAK ETA ESKUBIDEAK:
Parte-hartzaileek marraztutako Moleskine libreta elkar liburu-dendan uzten dutenean, marrazki horien eskubideak Euskal Kulturgintza S.A.renak izatera pasako dira. Euskal Kulturgintza S.A.-k irudi horiekin lehiaketa promozionatu eta erakusketa bat antolatu ahal izango du. Hala ere, lehiaketa amaitu eta bi hilabetera, marrazkilariak bere koadernoa berreskuratu ahal izango du, hala eskatuz gero, elkar liburu-dendaren batean jasota. Lehiaketan parte-hartzeak arauak onartzea esan nahi duela ulertzen da.